XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Paulino kanposantura itzuli zen, hantxe zain zuen semearengana, eta aita-semeek, mandoa zalgurdiari berriro lotuz, etxerantz egin zuten.

- Hartu aitzur txikia eta aitzur handia -esan zion Paulinok.

Aitzurrak hartuta, sail haietako tokirik gozo eguzkitsuenerantz abiatu ziren, non zuloa egin eta lur eman baitzioten.

Diegok basalore-sorta bat ipini eta aita-semeak besarkatu egin ziren, Diego negarrez.

Malkoak isurtzeari utzi zionean, aitak besagainetatik astindu eta esan zion:

- Hemendik aurrera ez haut gehiagotan negar egiten ikusi nahi.

Mundu hau jende gogorrarentzat egina zegok, baina lasai, nik gogortuko haut eta, ikusiko duk...!

Gero, Sotoviejoko herriari so, eskua ahalik eta gehien luzatu zuen, hatz erakuslea gora eta behera dantzatuz:

- Herri honek ez gaitik merezi.

Goazen mendira!

Beharrezko tresnak kargatu, etxea giltzaz itxi, eta aita-semeek, atzera begiratu gabe, mendirantz bideratu ziren.

Gadeak ume-umetatik erakutsi zuen pianoa jotzeko gaitasun aparta, eta aita-amek, aiton-amonek, guztiok liluraturik egiten zioten so, pianoa jotzen zekien munduko neskatxa bakarra bailitzan.

Amaren antzekoa zen arren, lorategiko arrosa gorriek hortensia urdinek baino gehiago erakartzen zuten, oskorriak zeru urdin oskarbiak baino, eta jantzi ere halaxe jazten zen, ahal zuenean, soineko gorri batekin.

- Hara, gure etxeko arrosa gorria...!